‘Vickie Bikingoa eta Jainkoen Altxorra’ filma bihartik aurrera euskaraz zine aretoetan ZINEMA EUSKARAZ programaren barnean
• Haurren bikingo gogokoaren abenturak Bilboko Multisen, Errenteriako Niessen aretoetan eta Gasteizko Floridan izango dira ikusgai euskaraz. Baita Durangoko Zugazan ere, Liburu eta Disko Azoka dela eta. ZINEMA EUSKARAZ azokan ere egongo da.
• “Vickie Bikingoa eta Jainkoen Altxorra” ZINEMA EUSKARAZ-ek, azken urte honetan, zine aretoetan gaztelerazko bertsioa estreinatzen den aldi berean estreinatzen duen zortzigarren filma da.
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, herritarrek zinema euskaraz ikusteko aukera izan dezaten, ZINEMA EUSKARAZ programaren barnean, filma berrien estreinaldiekin jarraitzen du zinema aretoetan. Bihar, abenduak 2, ostirala, euskal zinema aretoetan ‘Vickie Bikingoa eta Jainkoen Altxorra’ (‘Vickie el Vikingo y el Martillo de Thor’) egongo da ikusgai, hain zuzen, Bilboko Multis zinema aretoetan, Vitoria- Gasteizko Floridan, Errenteriako Niessen aretoetan eta Durangoko Zugaza zinema aretoetan. Durangoko kasuan, aldi berean ZINEMA EUSKARAZek Euskal Liburu eta Diskoaren Azokan hartuko du parte.
Vickie txikia noiz izango da azkenean benetako bikingo bat? Galdera horrek galarazten dio loa Vickiren aitari, Halvar buruzagiari. Egun batez Sven Ankerrak Flake herriko buruzagia bahitu du, eta orduan aukera ederra sortzen zaio Vickieri. Bera da ordezko buruzagia, eta erantzukizun horri helduta, aita erreskatatzera doa Tjure, Snorre, Urobe, Gorm, Ulme eta Faxe bikingo beldurgarriekin batera, eta Svenja neskato izukaitzaren laguntzarekin. Itsasontzian sartu, eta Izuaren Lurmu-turrerantz abiatu dira. Hainbat gorabehera gainditu ondoren, Svenen gaztelura iritsi dira. Svenek hantxe dauka gatibu Halvar. Hori gutxi ez, eta gure bikingoek zailtasun itzelak izango dituzte aurretik. Itsaso haserreak zeharkatu beharko dituzte, hondartza tropikalak eta eremu izoztu arriskutsuak ere bai, eta jainkoen altxorra bilatu beharko dute. Sven Ankerrak ere bereganatu nahi du altxorra, eta bera ez da erraz kikiltzen direnetakoa. Baina Vickie ez litzateke Vickie izango ez balu trikimailu bat edo beste asmatuko Sveni aurrea hartzeko.
Bikingo ospetsuenaren abenturak bigarren aldiz pasatu dira telebistatik zinemara. “Vickie Bikingoa eta Jainkoen Altxorra” film alemaniarra da eta Christian Ditter, Alemanian haur eta gazteentzako filmetan aditua, zuzendaritzaz eta gidoiaz arduratu da. Vickieren rola Jonas Hämerlek interpretatu du berriro.
2011an film hau ZINEMA EUSKARAZ-ek zine aretoetan gaztelerazko bertsioa estreinatzen den aldi berean estreinatzen duen zortzigarren filma da. Epe honetan gainera, sei DVD jarri dira salgai ekoizle euskaldunentzat ELKAR dendetan eta www.eitb.tv eta www.kulturklik.net web orrialdetan streaming bidez dohainik ikus daitezkeen 30 film.
ZINEMA EUSKARAZen helburuak
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren programa honen helburua hiritarrei zinema euskaraz ikusteko aukera ematea da, zinema euskaraz eskatzen dutenentzat eskaintza nahikoa bermatuz eta euskara kultura eta gizarte-erabilpeneko hizkuntzatzat sustatuz. Helburu hau garatzeko ZINEMA EUSKARAZ programak, bost jarduera jarri ditu martxan adin guztietako ikusleei zinema euskaraz ikusteko aukera emateko: zinema-aretoetako estreinaldiak, DVDen salmenta, Interneteko streaming-a www.kulturklik.net eta www.eitb.tv web orrien bidez, udalerrietako zinema-aretoak eta eskolak.
Programaren bidez, zinemaren balioak bultzatu eta euskara kulturaren alorreko komunikazio-tresnatzat eta aisia eta denbora-pasaren alorreko normalizazio-tresnatzat sustatuko duen film-aukeraketa bat helarazi nahi zaie euskal hiritarrei.
“VICKIE BIKINGOA ETA JAINKOEN ALTXORRA”- REN FITXA TEKNIKOA
Titulua: “Vickie Bikingoa eta Jainkoen Altxorra” / Vickie el Vikingo y el martillo de Thor
Jatorrizko Titulua: Wickie auf großer Fahrt
Herria: Alemania
Estreinaldia: 2011/12/02
Estreinaldia Alemania: 2011/29/09
Ekoizlea: Constantin Films
Zuzendaria: Christian Ditter
Gidoia: Christian Ditter
Aktoreak: Jonas Hämmerle, Waldemar Kobus, Valeria Eisenbart, Nic Romm, Christian A. Koch, Olaf Krätke, Mike Maas, Patrick Reichel, Jörg Moukaddam, Günther Kaufmann, Christoph Maria Herbst
Véalo en Más Información | 0 Comments

.jpg)
.jpg)
.jpg)
.jpg)
.jpg)
.jpg)










